XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste bidea hobea zen, Bonneko geltoki mailadian eseri nire egitazko aurpegia zuriz tindaturik, Letania Lauretana kantatu eta gitarran akorde pare bat jo, ondoan sonbrailua, lehen Chaplinen imitazioak egiteko erabili nuena, txanpon zirikatzaileak besterik falta ez nituela: hamar pfennigekoa aski izango zen, hamarrekoa eta bostekoa hobe, baina egokiena hiru txanpon izango litzateke: hamarrekoa, bostekoa eta bi pfennigekoa.

Jendeak ikusi behar zuen ez nintzela fanatiko erlijioso bat, emaitza txikerra arbuiatzen duen horietakoa, eta ikusi behar zuen edozein txanpon, ñimiñoena izanik ere, ongietorria izango zela.

Ondoren zilarrezko sosa jarriko nuen, argi gera zedin emaitza handiagoei ere ez bakarrik ez muzinik egin, baizik eta batzu jadanik jasoak nituela.

Zigarro bat ere jarriko nuen sonbrailuan, gehienentzat errazago gertatzen bait da zigarro toxari heltzea diru zorroari baino.

Noiz edo noiz, jakina, azalduko zen norbait gizalege arauak direla eta ez direla: kale kantari baimena.

Edo biraoren aurkako batzorde zentralekoren batek, nire agerpenaren alderdi erlijiosoa, nolabaitekoa zela aurkituko zuen.

Noragiriren bat eskatuko balidate, ondoan edukiko nuen beti ikatz sokil bat; bere gainean idatzirik egongo zen bero zaitez Schnierrekin mundu guztiarentzat ezaguna zen; nik, beltzez zegoen Schnier hori klera gorriz azpilerrotuko nuen beharbada, eta aurrekaldean H bat pintatuko nion.

Praktikotasun gutxiko bisita txartela izango zen, baina ez ulerkaitza hala ere: barka, Schnier nauzu.

Eta bazen zerbait aitak, zinez, niregatik egin zezakeena, gainera deus ere kostatuko ez zitzaiona.

Kalean kantatzeko baimena lor ziezadakeen.

Aski izango zuen horretarako alkateari dei egitea edota gizasemeen elkartean, harekin kartetan jokatzen portunatzerakoan horretaz hitzegitea.

Hori egingo al zidan, bada.

Horrela, geltokiko eskaileran eseri ahal izango nuen eta Erromako trenari itxaron.